XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Baina ongirik gutien, andre hark berak desiratzen zeraukan, ezertan oneritzi gabe, buruko min bat baino gaitzago erizten baitzeraukan.

Eta horregatik, zuhurtziaz, honela ihardetsi zeraukan: Maitatzen baldin banauzu, jauna, hori estimutan eduki behar dizut, eta nik maitatu behar zaitut, eta maitatuko zaitut, baina zure eta nire amodio hauen bitartean, eztuzu ezer desonestik eraiki behar.

Zu ere aita espiritual zara, eta sazerdote, eta zahartasunera hurbiltzen zara, eta edade horrek honest eta garbi egin behar zaitu.

Gainera, ni ezniagozu ezkongai, estatu horretan ongi baitago amodiotan ibiltzea, alargun baizik, eta ongi dakizu alarguntsoi zein honestitate eskatzen zaikun.

Barkatuko nauzu, beraz, zuk nahi duzun modu horretan ezin maite baldin bazaitzaket, ezin maite baldin banakezu.

Kalonjea, orduan ezin ezertaz probetxatu izan bazen ere, etzuen gogorik galdu, etzuen bere burua garaitutzat eman, baina bere prontotasun ergelaz baliaturik, mandatuz, gutunez eta are elizara joaten zekusanean pertsonaz ere erregutzen zeraukan.

Guztiz neketsu eta arbuiagarri iruditu zitzaikan andreari konduta hau, eta merezi bezala, bestela ezin baitzun, bistatik aldara-eraztea erabaki, baina lehenago bere anaiekin mintzatu gabe, etzuen ezer egin nahi ukan.

Kalonjeak zer nahi zuen eta berak zer egin zuen kontatu zerauen, eta haien lizentzia osoarekin, handik egun batzutara elizara bihurtu zen, eta ahaidetsuki harekin sartu zen hitz-bidean.

Andreak, hura etortzen ikusi zuenean, aurpegia irritu zuen, eta alde batetara apartatu zen.

Kalonjeak ohizko hitzak erran zerautzan, eta andreak, suspirio handi bat iaurtikiz, honela mintzatu zitzaikan: (...).